Markina-Xemeingo udalerria herri bik osatzen dute: Markinako hiribildua eta
Xemeingo elizatea. 1969. urtean Ziortzako elizatea erantsi zitzaien, Bolibar
herriagaz batera, 2005eko urtarrilaren 1ean desanexionatu direnak
Markina-Xemeingandik.
Udalerriari buruz ditugun testigantza antzinakoenak Paleolito eta
Eneolito-Brontze garaikoak dira. Aro hauen ondoren, berriz, isiltasuna,
Iturretako erlijiogune txikia sortu arte X. mendean.
XIV. mendean (1355. urtean) Bizkaiko Jaun Don Tello, Kastillako Alfonso
XI.aren semeak, Villaviciosa de Marquina hiribildua sortu zuen. Marquina/Markina
izenaren jatorria erdarazko marka hitzetik omen dator, Bizkaia eta Gipuzkoa
arteko muga-mugan baitago egon ere Markina. Hiribildu berria merinaldeko
biztanleek eskatuta sortu ei zen, Gipuzkoako familia ahaltsuengandik
defenditzeko eta bando-kideen arma-erasoaldien beldur ziren baserri-zaldunak
babesteko.
Hiribildua sortu ondoren ez zen istilu eta iskanbilarik falta izan ondoko
Xemein eta Etxebarriako elizateekin, eskumeneko arrazoiak zirela kausa,
XVII.mendean amaitu zirenak.
XVIII. mendean herritarrak matxinatu egin ziren zerealaren prezioa jaisteko
eskatzeko. Mende horretan bertan herria antolatuta egon zen etengabe,
Konbentzioko Gerra zela-eta.
Napoleonen inbasioak eta karlistadek betiko markatuko zuten XIX.mendeko
historia, borrokan ziharduten gudarosteek erdi-erdian harrapatu zutelako
Markina. Eta gerra-leku ez izanagatik herriak antolatuta egon behar izan zuen
eta tropen hornidurak eragindako gastuei aurre egin. Halaber, hiribildua
etengabeko bonbardaketen lekuko bihurtu zen 1937an, gerra zibil betean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario