AURKEZPENA

Blog hau TEKNOLOGIA BERRIAK ikasgaian sortu dut eta bakarkako lanean landuko dudan proiektua aurkezteko erabiliko dut. Baita talde laneko bloga aurkezteko ere.

KIROLA

Kirolak aparteko garrantzia izan du eta du markinarron bizitzan. Kirolen bidez, markinarrek askotan erakutsi dute euren indar, ahalmen fisiko eta trebetasuna. Batez ere herri-kiroletan eta pilotan, entzutetsuak dira markinarren markak. Are gehiago, herri gutxi izango dira Euskal Herrian euren historian zehar Markina-Xemeinek beste kirolari profesional izan dituenik.

KIROL JARDUERA: PILOTA


Markina-Xemein aitatzeak pilotaren inguruan berba egitea dakar ezinbestez eta, hain zuzen ere, zesta-punta, nazioartean ezagunena egin den modalitate edo jokoaz. Bertoko udal pilotalekuari Pilotaren Unibertsitate deitu ohi zaio, historian zehar Markina-Xemeingo hainbat pilotari bertan doktoratu izan direlako pilotan. Hala nola: Narciso Salazar, Claudio, Arnedillo Mayor, Erdotza Menor eta Cazalis Menor, guztiok XX. mendearen hasierakoak. Mende horren erdialdera, berriz, Andrinua, Mugerza I, Kareaga I, Orbea I eta Bengoa nabarmendu ziren besteak beste, eta oraintsuago Elorza, Atain, Iru, Rekalde eta Urkidi.
Baina Markina-Xemeinen ez da zestaz bakarrik jokatu izan, ez. Izan ere, eskuz, palaz, erremontez eta raketaz ere ezagun egin izan dira hainbat pilotari markinar.
Eskuzko pilotarien artean aipagarriak dira, esate baterako: Julian Baskaran, Jose Agirre-Elexoste ("El Cura Laba"), "Gaztia", Benito Abaitua ("Sugarri"), Agirresarasua anaiak ("Hermanos Pello"), Juan Jose Azkuna ("Pola"), Jose Andres Arrate ("Txandrio"), eta abar luzea.
Egia esan, beste modalitateok ez dira horrenbeste jokatu izan gure herrian, baina adibide legez horra hor: Luis Arakistain, palaz; Roberto Bustingorri ("Vega"), erremontez; eta Felipa Mallukiza, Cristina Oliver eta Ana Rosa Egia, raketaz.

Zesta-punta

Zesta-puntaren jokoa, berriz, munduko geografiaren punta batetik bestera hedatu izan da. Gogoratu besterik ez dago non egon diren eta oraindik ere dauden pilotalekuak (Euskal Herrikoez aparte): Argentina, Ekuador, Filipinak, Belgika, Egipto, Maroko, Brasil, Espainia, Italia, Kolonbia, AEB, Peru, Kuba, Frantzia, Uruguai, Txina, Indonesia edo Venezuela.

Udal pelotalekua

Hasiera batean Frontón Municipal (udal pilotalekua) deitu zen, eta joan den mendeko berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera "Universidad de la Pelota" (pilotaren unibertsitate) bihurtu zen. Martin Usatorrek 1798. urtean eraikia, irekia izan zen hasiera batean, eta 1928.ean estalien.
Egin zenetik hainbeste biderrez konpondu izan ondoren, gaur egun 54,2 metro da luze, 11 metro zabal eta beste horrenbeste garai. Mila bat lagun sartzen dira jarrita eta beste hirurehun bat gehiago, tente.
Frontisaren ondoan, harmailen aldean, Ricardo Iñurriak egindako oroitarria, pilotari handi baten irudia gogora dakarkiguna: Erdoza Menor.

No hay comentarios:

Publicar un comentario